Elkartea

LAN ETA JOLAS elkartea kultura, kirola eta aisiarako elkartea da, nagusiki Urkabustaizko udalerrian diharduena eta 1979. urtean eratu eta lanean hasi zena.

Gaur egun, 120 pertsona baino gehiago ditu bazkide, 10 herritan barreiaturiko 1.350 bizilagun dituen udalerrian. Bertako bizilagun guztien eta zehatzago, bazkideen giza, kultura eta gizarte-garapena du helburu eta xede nagusia.

Lan eta Jolas elkarteak bitarte izan nahi du pertsonak, jarduerak eta ekimenak erakarri eta gauzatzeko eta eragile eta parte nahi du izan Urkabustaizko udalerriko kirola, kultura, ingurumen eta aisiaren alderdi guztietan.

Hala eta guztiz ere, ez dugu ahaztu nahi nazioarteko zein tokiko elkartasun eta kultura artekotasunerako ekimenak, oso baitira nabarmenak geure udalerrian.

Gure jarduna garatzerakoan, arreta berezia jartzen diogu gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren sustatzeari, ahalegin berezia eginez beti euskararen erabilera mantendu, sustatu eta gizartera dadin.

LAN ETA JOLAS elkarteak hamaika kultur ekitalditan jardun du lankide eta laguntzaile, arreta eta ahalegin berezia jarriz euskararen normalizazioan eta sustapenean.

 

EUSKARA

Euskara ohiko hizkuntza duten gizarte-esparru eta arnasa-guneak zaindu, sendotu eta hedatzea da helburu, azken batean, euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatu eta gizarte-erreferentzia gisa sendotu nahi dugu. Hots, euskararen jakite-maila areagotzeaz harago, euskal hiztunen kopurua gehitzea da helburua.

KIROLA

Adin guztietarako kirola sustatzea da gure helburua, kirolean hasteko faseari eta emakumeen kirolari arreta berezia jarrita. Eskola-kiroleko eta nesken ekipo batzuk antolatzen ditugu eta beste batzuk inguruko udalerriekiko lankidetzaz, talde-kirolak garatu ahal izateko demografia eskasa dugularik.

KULTURA

Kulturaren sustapena prozesu moduan ulertu behar da nahitaez, amaitu gabea beti ere, iragana eta oraina, bertakoa eta kanpokoa, izana eta izan beharrekoa solaskide dituen prozesua, pertsonen artean jada bizi den etorkizunerako eredua osatu eta eraikitzera bideraturik.

KULTURA ARTEKOTASUNA

Kultura ezberdinen arteko komunikazio eta solaskidetzarako guneak sortu nahi ditugu, gune beti ere bizi eta dinamikoaz izanik, udalerrian diren etorkinen adierazpide kultural ezberdinak plazaratuz, erakusketak, hitzaldiak, dantza-erakustaldiak bide direla.

Honez gain, kulturen arteko harremanak hobetu gura duten jarduerak antolatu nahi dira eta, aldi berean, udalerriko etorkinen eta beren herrialdeetako errealitatean sakondu eta beren bizipen pertsonalak ezagutu.

GENERO-BERDINTASUNA

Gizartean oraindik ere dirauten desberdintasun eta diskriminazioak aztertzen ahaleginduko gara, emakumeek norberaren garapen pertsonalean eta gizarte, politika eta elkarteen bizitzan parte hartu nahi dutenean sumatzen dituzten segurtasun-gabeziak antzemanez eta horiekiko sentiberatuz.

Aisia eta arte eszenikoak gune aproposak dira emakumeak gizarte eta kulturaren protagonista gisa ikusarazteko eta, beste alde batetik, egokiak dira oso, agian moduan atseginagoan, egungo desberdintasunak eta nagusi dugun eredu zapaltzaile eta menpetzailea guztion begi aurrean jartzeko.